Egunkarian irakurri berri dut Sartagudan (alargunen herrian) Oroimenaren Parkea zabaldu dutela; 1936 estatu kolpearen ostean faxistek erahildako guztien omenez. Agian noizbait Oroimenaren Parkea ez ezik Oroimenaren Bloga edo Wikia ere zabaldu beharko litzateke, herritarrok garai hartako pasadizoak bertan erregistratzeko.
Badira bai, garai berberan baina gure herrian, oroitzeko gertakizunik. Alegiarrok izango ditugu garai haiei buruko hainbat gertaera kontatzeko modukoak eta galtzea pena litzatekeena. Ni nireekin hasiko natzaizue.
Amona Anttonik (aurten 100 urte) kontatzen duen bezala, berak eta familiak Attona Joxek eta bere hiru seme-alabak, tartean nere atte zena, eta amonaren aizpa izeba Damasarekin, Nafarroa aldetik zetozen faxisten beldur (rekete txapel gorriak) etxea utzi eta alde egin zuten. Nora eta Gernikara. Kasualitatea.
Amonak kontatzen du bera Durango inguruan zegoela eta bere senarra gudan, izeba Damasa beraren hiru seme-alabekin utzi zuela Gernikan. Eta irratiz entzun zuela Gernika bonbardeatzen ari zirela. Gure amonaren nahigabea, bere hiru seme-alabak (5, 3 eta urte bateko haurrak) bere aizparekin Gernikan.
Oinez abiatu omen zen Gernikara eta herrira iristean han topatu zuen erabat txikitutako herri bat; gainera ezin pasa zubiak apurtuta zeudelako. Marea jaitsi arte hainbat pertsona zain egon omen ziren ibaia pasatzeko. Amonaren kezka, non eta nola ote zeuden bere seme-alabak suntsituta ikusten zuen herri hartan.
Azkenean pasatzea lortu eta han hasi ome zen amona bere hiru seme-alaba eta aizparen bila. Azkenean denak bizirik topatu zituen, Gernikako estolderietan ezkutatuta egon omen ziren laurak.
Azkenean Gernikatik ere ihes egin behar: Bilbo, Santander, Bordele, Montelimar, …. Pasadizo hauek beste une baterako utziko ditut. Baita ere galtzaile gisa herrira bueltatzearena ere, bai baiziren herrian ihes egindakoen gauzetaz jabetu (lapurtu) zirenak ere.